HONDARTZA DENONTZAT proiektuaren helburua da mugikortasun-desgaitasunak dituzten pertsonek Bizkaiko areatzez eta hondartzez gozatzea. Horretarako, arreta-guneak ezartzen ditugu Bizkaiko hainbat hondartzatan (Plentzia, Ereaga, Lekeitio, Gorliz, Mundaka), eta behar bezala prestaturiko begiraleek zenbait euskarri tekniko jartzen dituzte erabiltzaileen eskura, bereziki diseinatuak areatzetan eta uretan erabiltzeko. Begiraleek erakutsi ere egiten diete erabiltzaileei tresna horiek erabiltzen eta, behar izanez gero, laguntza ematen diete.

Aldez aurretik, eta jarduera egingo den udalerrietako Udalekin eta Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin koordinatuta, BIDAIDEAK-ek berak aurretik idatzitako irisgarritasun-planak garatzen ditu.

Proiektua garraio egokituko zerbitzu berezi batekin osatzen da, uztailean eta abuztuan egunero eskaintzen dena; hala, defizit gehien dituzten pertsonak aipatu tokietara hel daitezke.

Programa honen bitartez, Bidaideak-en asmoa da Bizkaiko hondartzak denontzako aisialdi-baliabidea izatea, baita desgaitasunak dituztelako mugikortasuna mugatuta duten pertsonentzat ere. Hala, helburu nagusia da hondartzen gozamena biztanleria osoari zabaltzea eta mugikortasun murriztuko pertsonei eskubide hori bermatzea.

Egun, Bidaideak-ek ondoko ekipamendua dauka:

  • 30 gurpil-aulki anfibio; horietatik 9 mendekotasun arineko indizedun pertsonentzat baino ez dira, 14 bitarteko mendekotasun-mailak dituztenentzat eta 7 mendekotasun handikoentzat.
  • Hondarretan ibiltzeko 70 makulu pare berezi.
  • 4 garabia hidrauliko; horiekin, begiraleek errazago mugi ditzakete mugikortasun-arazo larriak dituzten pertsonak, batik bat.

Era berean, hondartza bakoitzean arreta-guneak muntatzeko beharrezko azpiegitura daukagu: egurrezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, komun egokituak eta aldagelak.

Giza baliabideei dagokienez, programako begiraleek ondoko funtzioak betetzen dituzte:

  • Hondartza-materialak muntatu eta jaso, egunero: aulkiak, makuluak…
  • Erabiltzaileei harrera egin
  • Erabiltzaileei ur barruan eta kanpoan lagundu, euskarri teknikoekin edo gabe
  • Erabiltzaileen egonaldia dinamizatu
  • Erabiltzaileei eta oro har biztanleriari programaren edukien eta helburuen berri eman
  • Euskarri teknikoen eta gainerako hondartza-materialen erabilera eta mantentze egokia ziurtatu.

Proiektuak, urtetik urtera, asistentzia-errekorrak hausten ditu, eta aisialdi aktiboaren esparruan lehen-mailako gizarte-laguntza gisa finkatzen ari da.